Hezkidetza

Urteak dira Ondarroako Udalak hezkidetza egitasmoa abian duela. Azken urteotan proiektuaren etengabeko hobekuntzari ekin diogu, proiektua finduz eta geroz eta dimentsio integralagoa emanez.
Helburu nagusia jarrera hezkidetzaileen hedapena da eta horretarako hainbat ekintza burutzen ditugu ikasturte osoan zehar. Ondarroako hezkidetza egitasmoak atal nagusi bi ditu: alde batetik, herriko ikastetxeentzako aholkularitza teknikoari dagokion atala, eta bestetik, prestakuntzari dagokiona. Hezkidetzak jendarte eraldakuntzarako bitartekoa izan nahi du. Hots, pertsonen garapenerako bitarteko askatzaile bilakatu behar da, pertsona aske eta integralak heziz, eta sexuen arteko aukera berdintsuen alde eginez. Horrez gain, sexu aniztasunaren errespetuan lan egiten duen hezkuntza eredua da. Hau da, pertsona ororen askatasuna jorratzen duen pedagogia.